jornadas

Category: Udalbatzarra

EH Bilduk Udalbatzarraren data aldatzeko eskatu du gehiengo sindikalak deitutako Greba Orokorrarekin bat egiten duelako

Mai 09 2013

Txema Azkuenaga EH Bildu Udal Taldearen bozeramaileak hurrengo udalbatzarraren data aldatzeko eskatu dio Iñaki Azkuna alkateari euskal gehiengo sindikalak deitu duen greba orokorrarekin bat egiten duelako.

Read more ...

EH Bilduk EAJk informazioa eskuratzeko eta oposizioaren kontrol-lana egiteko jartzen dituen oztopoak salatu ditu

Mai 08 2013

Bilboko EH Bildu Udal Taldeak, EAJren udal gobernuak informazioa eskuratzeko eta oposizioari dagokion kontrol-lana egiteko jartzen dituen oztopoak salatu ditu gaur goizean prentsaurrekoan

Read more ...

Apirileko Udalbatzarraren laburpena

Api 26 2013

Kontsultatu hemen atzoko udalbatzarraren laburpena: Apirileko boletina

Azpikontratatutako langileen baldintzak ez zaizkio ardura Udalari

Api 25 2013

Berriro ere, Udal honek zerbitzu publiko bat betetzeko kontratatu duen beste Enpresa batek, FHIMASA hain zuzen ere, lan arazoak ditu bere langileekin. Gaia Bilduk eraman du goizean Udalbatzarrera eta bertan EAJk argi eta garbi azaldu du azpikontratatutako langileen baldintzak bermatzea ez dela bere ardura.

Dakizuenez, FHIMASA Bilbo Hiriko estolderia-sarea, espaloiak eta egitura zein apaindura elementuak mantentzeko udal zerbitzuaz arduratzen da, hau da, zerbitzu publikoak hauek guztiak.

Gatazkan dago Udal honek, lehentasunez, zaindu behar duen interes publikoa, alde batetik, eta interes ekonomiko pribatua, beste batetik. Hori dela-eta ez da egiten zerbitzu publiko hau, bilbotarrok nahi dugun bezala eta adostu zen bezala, eta langileek pairatzen dute lan egoera eskasa.

Berriro ere, urte bi baino gutxiagotan lan arazo larriak dituen laugarren Enpresa da (GUEDAN, URBASER eta FCC-ELAI UTEa, honen aurretik izan dira. Bosgarrena, akaso TAOko langileak izango dira?), zerbitzu publikoen kanpoko kontratazioak arazoak dakarzkio Bilboko hiritargoari bere eguneroko bizitzan eta kontratatutako Enpresako langileentzako lan arazoen iturburua bihurtzen da, zeinak batzuetan lan baldintza duinak eta kalitatezko lana lortzeko, azken baliabidea bezela, greba egitera bultzatuta sentitzen diren.

FHIMASAko langileek beraiek BILDUri, beste Udal Taldeei eskatu dieten bezala, guztion inplikazioa eskatu diote, Udalbatzar honen inplikazioa. Udal honetako inork ere ez, EAJko Gobernu Taldeak ezin du baztertu bere erantzukizuna, udal lanak eta bilbotarren ongizatea daudelako jokoan.

Jokoan daude ere Bilboko gizartearen bizitzaren kalitatearen zerbitzurako lan egiten duten langile hauen  egoera laborala, pertsonala eta familiarra. Enpresari exijitzen diote beren baldintza laboralak ziurtatzeko Lan Erreformaren aurrean, haien ez betetzea zabalik dagoelako. Horrek guztiak arduratu behar du Udal hau, bere langileen baldintza duinetaz arduratzen den bezala.

Guzti honexegatik, eskatzen diogu Udalbatzar honi FHIMASAri eskatzeko, langileen ordezkari sindikalekin negoziatzeko, alderdien autonomia errespetatuz.

Azkenez, berriro aldarrikatzen dugu: udal lanen kanpoko kontratazioarekin amaitzeko, prekarietatea dakarkielako bai langileei bai zerbitzu publiko beraiei.

Frankismoak zigortutako Udal langileen birgaitze ofiziala egingo du Udalak, PPren abstentzioarekin

Api 25 2013

Diktadura frankistan garbitutako udal funtzionarioak eta lan-legepeko langileak modu ofizialean errehabilitatzearen beharra gaur goizeko Udalbatzarrera eraman du Bilduk. EAJk hobetutako proposamena talde guztien babesa jaso du, PPkoa izan ezik.

Udalbatzak, PPren oposizio bakarrarekin, zilegitasunik gabekotzat jo du Bilboko Udaleko Udalbatzaren 1937ko ekaineko erabakia, udal langileen kaleratze masiboa eta haien lan eta soldataren etena agindu zituena, zilegizko boterearen aurkako altxamendu militar batez ezarritako diktadurarekiko atxikimendurik eza zigortzeko asmoz.

Era berea, Udalbatzak bidezkotzat jo du frankismoak bidegabe zigortu zituen udal langile eta funtzionario guztien birgaitze publikoa egitea.

Bukatzeko, zigortze prozesu hari dagozkion oroimenaren eta dokumentazioaren berreskuratze zientifikoa bultzatzea erabaki du.

1.684 udal langileetatik 982 kaleratu zituzten, hots, pertsonalaren %59a. Beste 319ri enplegu zein soldatarik gabeko zigorra ezarri zioten. 1937ko azaroaren 23an La Gaceta del Norte egunkariak udaleko langilearen %77ak zigorraren bat edo beste jaso zuela argitaratu zuen.

Gure nagusiei sarritan entzun diegu zer nolako ikarak pairatu zituzten, zer nolako izua ezarri zuten Francoren Armadak eta berrogei urtetako errepresioan parte hartu zuten bihotzgabeko politikariek.

Proposamen honetan ikusi ahal den bezala, ez dago mendekuaren nahia, baizik eta injustizia ikaragarri eta mingarri baten konponketa edo erreparazio morala, Bilboko Udalarentzat lan egiten zuten pertsona haien oroimenaren nahia. Beren aurkako errepresaliak, beren ideiengatik, beren ekintza sozial eta politikoagatik, askatasun eta eskubide demoktratikoen defentsan borrokatu zutelako izan ziren. Jose María Areilzak, antidemokratikoki izendatutako Bilboko Alkatea, argi eta garbi utzi zuen jarrera hori Udaletxean garbiketa hasten “Espainiako Mugimendu Salbatzailearen ageriko aurkako ideiak” zituztenen aurka ezarriko zuela. Halaber, Udalbatzarrak hartu zuen Ebazpena “Bilboko hiritargoari zuzenduz … udal funtzionarioen jarduera politiko-sozialei buruzko kexak edo salaketak bidal ditzaten”.

BILDUren ustez, gure artean oraindik bizi diren horiek eta, edozein kasutan, bere senidek, ondo baino hobeto hartuko lukete Udalbatzar honen iniziatiba hau, zeinak oroitzen dituen, bere elkartasuna erakusten dien, bere maitazarrea ematen dien eta omentzen dituen.

Pertsonentzat oso garrantzitsua den alde personal hau utzita, badago, inplizituki, ezin ahaztuzko edukia.  Demokraziari, Pakea eta Askatasunari kolpe izugarria eman zien Frankismoak. Hori dela-eta, gure ukatzea erakutsi nahi diogu sistema demokratikoaren aurka altxatu zen Diktadura hari, inposaketan eta izuan oinarritutako politikak burutu zituena, eta baita ere pertsonen eta Herrien, Euskal Herriaren barne, eskubide eta askatasunen bortzaketa egiturazko eta iraunkorrean.