Auzo elkarteak, Udalaren murrizketengatiko kaltetu berriak
- Published on Osteguna, 19 Uztaila 2012 11:52
- bilbo
- 0 Comments
Gobernu batzordeak auzo elkarteak eta herritarren partaidetza sustatzeko oso murritzak diren udal diru-laguntzen 2012ko deialdian %10eko murrizketa onartu berri du
Uztailaren 11n izandako bileran, Gobernu batzordeak auzo elkarteak eta herritarren partaidetza sustatzeko oso murritzak diren udal diru-laguntzen 2012ko deialdian %10ean murriztea onartu berri du. Azkunak buru duen Gobernu batzorde berak ia 600.000 euro (593.220,34 €) gastatzea erabaki du alkatetzarako kanpoko prentsa zerbitzu baterako, aipatutako lanak betetzeko berezko pertsonala izan arren.
Aitziber Ibaibarriaga Bilduko zinegotziak azpimarratu du legegintzaldiaren hasieratik Udalak aurrera eraman duen murrizketak bata bestearen atzean pilatzen direla, Jolastu Parkean, Otxarkoagako euskara klaseak, udal anbulantzien erdia kentzea, behar bereziak dituzten adin txikikoei laguntza klaseak, Immigrazio Udal Zerbitzua, edota udalekuetara hurbiltzeko autobusa. “Norbaitek ezagutzen al du zarrastelkeriaren kontrako neurririk?, kanpoko prentsa zerbitzu bezalako beharrezkoak ez diren gastuen aurkakoak? Edota zuzenean hautatutako Udal karguen hautaketaren aurkakoak? Eta korporazioak duen soldata handien aurkakorik?”, galdetu du zinegotzi ezkertiarrak.
Ibaibarriagak salatu du auzo elkarteak eta herritarren partaidetza sustatzeko oso murritzak (20.000 euro pasatxo) diren udal diru-laguntzak murriztu izanak agerian uzten duela EAJren begirune eza auzoekiko eta auzo elkarteekiko.
Bilduk berebizikoa ikusten du instituzioek hiritar mugimenduak hiriaren eta auzoen egunerokotasunaren garapen osoan betetzen duen papera aitortzea. Hori dela eta, Ibaibarriagak deia luzatu dio Gobernu batzordeari zuzen dezala eta Udala salbatuko ez duen baina auzo elkarteetarako ezinbestekoa den kopurua manten dezala.


Leave a Reply