PPk inposatutako politika kolpista eta antisozialari aurre egiteko fronte instituzional, politiko eta sindikal bat ahalik eta lasterren eratzearen alde agertu da Bildu
- Published on Asteazkena, 18 Uztaila 2012 11:44
- bilbo
- 0 Comments
Ibaibarriagak deia luzatu die Azkunari zein EAJri murrizketaren bidea alde batera uzteko eta PPk ezarri nahi dituen politika suntsitzaileen aurrean planto egiteko
Bilduko Udal taldeak Udaleko Enpresa Komiteak murrizketak salatzeko 10:30etarako deitutako elkarretaratzean parte hartu du. Mobilizazioan Aitziber Ibaibarriaga eta Helena Gartzia zinegotziek parte hartu dute.
Raxoiren gobernuak ezarritako azken neurriak langile zein sektore publikoaren kontrako aurrekaririk ez duen erasoak direla salatu du Ibaibarriagak. Erabakitzeko eskubidearen faltan, aipatutako erasoek eragin larria izango dute euskal jendartearengan . Izan ere, jendarteari berari berak eragin ez duen itzelezko zorra ordaintzera zigortzen zaio.
Horren aurrean, zinegotzi independentistak deia luzatu du besoak antxumatuta ez gelditzeko eta itxurakeri instituzionalak gainditzeko. PPk inposatutako politika kolpista eta antisozialari aurre egiteko harresi bat eraikiko duen fronte instituzional, politiko eta sindikal bat ahalik eta lasterren eratzearen alde agertu da Ibaibarriaga. “Arriskutik kanpo utziko gaituen burujabetza politikoa eta ekonomikoa gaurdanik eraikitzeko baldintza sozial eta politikoak egon badaude, borondate politikoa besterik ez da falta”, azpimarratu du Bilduko zinegotziak.
Bilboko Udalari dagokionez, Ibaibarriagak deia luzatu die Azkunari zein EAJri murrizketaren bidea alde batera uzteko, PPk ezarri nahi dituen politika suntsitzaileen aurrean planto egiteko eta pertsonak, hauen beharrak eta euskal sektore publikoa lehenesteko. “Bide orri honekin bat egiten badu, Bildu bere aliatua izango da”, gehitu du ezkerreko zinegotziak.



Leave a Reply