jornadas

Bilduk IMQri emandako osasun zerbitzuaren barruan kargu publikoak eta euren senitartekoak barne hartzea salatzen du

Krisi garai honetan Udal gobernuak zinegotzientzako zein euren senitartekoentzat aseguru pribatua mantentzea  onartezina dela adierazi du Ana Etxarte zinegotziak.

Udal gobernuak gaur esleitu dio IMQri udaleko osasun zerbitzuen kudeaketa 4 milioiren truke. Horren harira, Bilduko udal taldeak goi mailako aseguru pribatu honen barruan kargu publikoak zein euren senitartekoak barne hartu izana salatu du.

Ana Etxartek gogor kritikatu du hartutako erabakia. Krisi garai honetan Udal gobernuak zinegotzientzat  zein euren senitartekoentzat aseguru pribatua mantentzea onartezina dela, adierazi du Bilduko zinegotziak. Hori dela eta, Etxartek pribilejio horri uko egiteko eskatu die gainontzeko alderdiei, Bilduk legegintzaldiaren hasieran egin zuen moduan.

“Gutxi batzuk duten pribilejioak mantentzen diren bitartean, herritarren gehiengoaren eskubideak murrizten dira behin eta berriro, krisia aitzakia hartuta. Eta horrekin jendarteak ez du bat egiten”, adierazi du Etxarte zinegotzi ezkertiarrak.

“Politikariek jendartearen aurrean galdutako konfiantza berreskuratu nahi badute, beharrezkoak ez diren gastuak eta ezin justifikatuzko pribilejioak bertan behera utzi beharko dituzte, udal zerbitzuak murriztu baino lehen”, gehitu du Bilduko eledunak. Udalak, erakunde publiko bat den heinean, kalitatezko osasun publikoaren alde agertu beharko luke.

Bukatzeko, Etxartek gogoratu du Udalak beharrezkoak ez diren gastuetan dirua xahutzen jarraitzen duela, anbulantzien edota Ikasten ikasiz hezkuntza eta jendarte eremuko proiektuetan murrizketak dauden bitartean.

Tags: