Bilduk ez du bat egin Bilbotar Ospetsuak sarietarako Azkunak egindako proposamen itxiarekin

Izendapena prozesu parte-hartzailaren ondorioa izan behar dela uste du Txema Azkuenagak

Bildu Udal Taldeak Bilbotar Ospetsuak sarietarako izendapenetan udalak erabili duen metodologia kritikatu du, beste urte batez. Txema Azkuenaga Bilduko bozeramaileak “parte hartzerik gabe eta herritarrentzako itxia” egin dela salatu du.

Azkuenagak Bilbotar Ospetsuen izendapena soilik alkatearen ardura izatea desegokitzat jo du. “Alkateak bere kabuz erabakitzen du, bilbotarron iritzia kontutan izan gabe eta oposizioaren parte hartzerik gabe” adierazi du.
Bilbotar Ospetsuen sariek “justizia soziala, elkartasuna, euskara eta euskal kulturaren babesa edota Euskal Herriaren identitate nazionala sustatu beharko lituzkete”, azpimarratu du Azkuenagak.

“Izendapen hauek parte-hartze prozesu baten ondorio izan behar dira, non herritarrek aurrez esandako baloreak kontutan hartuta euren ekarpenak egin eta saridunak erabaki ditzaketen” adierazi du Azkuenagak. Honen harira, Azkuenagak gogoratu du Bilduk Urriaren 28ko udalbatzarrean Ohorei, Merezimenduei eta Zeremonialari buruzko udal araudiaren aldaketa proposatu zuela. Bilduk parte-hartzeari ateak zabaltzea proposatu zuen eta proposamena ez zen aurrera atera EAJ zein PSOEren ezezko botoei esker.