Bilduk Auzokideen ordezkaritza gabeko Barruti Kontseiluen eraketa salatu du

Koalizioak auzoetako komisioen eraketa eskatu du

Bilboko Udaletxeko Bildu Udal Taldeak barruti kontseiluak auzokideen ordezkaritzarik gabe eratzen ari direla salatu du. Bilduk informatu duenez, Urriaren 4tik 11ra barruti kontseiluen eraketa egiten ari da auzoetako elkarteen parte hartzerik gabe, hauen hauteskunde prozesua bukatzeko itxaron ez dutelako.

Bildurentzat elkarteen parte hartzea ezinbestekoa da barruti kontseiluen eraketetan gardentasuna bermatzeko. Honegatik, Bilduk ez du egoki ikusten presidentetza eta presidenteordetzarako izendapenik orain egitea; beraz, Bilduko kontseilariek ez dute bozketa honetan parte hartuko.

Koalizioaren ustez auzoetako komisioak eratzea lehentasuna izan behar da, barrutiek ez dutelako auzoen errealitate naturalari erantzuten. Komisio hauen eraketa barrutien arautegiaren 19. Artikuluak babesten du.

Parte Hartzea bultzatuz

Izan ere, Bilduk barrutiak Udal Aurrekontuak eztabaidatzeko lehendabiziko eremua izan daitezela eskatuko du. Koalizioak honela, Iraileko Udalbatzan eskatu bezala, aurrekontu parte hartzaileen filosofiarekin jarraituko du.

Bestetik, koalizioak uste du “Auzokide Plana” diseinatzeko metodologia birformulatu behar dela. Teknikari talde baten irizpideen araberakoa izan ordez, Diagnostiko Komunitario Parte Hartzaile baten ondorio izan behar duelarik.